Berriak

 

Rockein-en seigarren edizioan jasotako 135 proposamenen artean, Moonshakers (Bilbao), Purple Vellocet (Bilbao) eta The Owl Project (Markina-Xemein) izan dira epai mahaiak sari nagusia irabazteko hautatutako finalistak. Baina ez dira maiatzaren 12ko (21h) finalean, Basauriko Social Antzokian, kontzertua emango duten bakarrak, Agian, Haxotz eta Todos los fuegos ere tokiko talderik onenaren saria (Basauri, Galdakao, Arrigorriaga edo Laudion erroldatutako kide bat, gutxienez) irabazteko hautatu dituzten abestiak zuzenean joko baitituzte bertan. Finalisten sei emanaldiak bukatzean epai mahaiak irabazleen izenak jakinaraziko ditu.

Finalak doako sarrera izango du eta euskarazko talderik onena eta publikoaren sariak nork eramango dituen jakiteko balioko du ere bai. Azken sari horri dagokionean, gogoratu apirilaren 25erarte dagoela aukera bozkatzeko, Rockein-en Facebook profilean sortutako plataformaren bitartez. Parte hartzaileen artean MAZ Basaurirako bono bikoitza zozketatuko da. Jaialdia apirilaren 27 eta 28an eta maiatzaren 4 eta 5ean izango da, Sidonie, La casa azul, Novedades Carminha edo Willis Drummond bezalako taldeekin.