Berriak

 

Beste behin ere, Arrigorriagako Udalak harrera egin die Akitania Berriko (Frantzia) Communauté de Communes du Pays Ribéracois eskualdeko bi profesionalei. Profesional horiek gazte eta nerabeen arloan egiten dute lan, eta Nerbioi Ibaizabal eskualdeko Gazteria, Mugikortasun eta Enpleguari buruzko Europako I. Mintegian parte hartzeko etorri dira gurera. Mintegia apirilaren 17tik 19ra bitartean izan da, Lonbo aretoan eta, bertan, gazteak eta arlo horretako profesionalak elkartu dira.

Nadia Jama eta Gaël Jourdain bezalaxe, joan den urtean beste bi profesional egon ziren Arrigorriagan, udalerriko ludotekak eta Gazteria Saila ezagutzeko eta truke profesional batean parte hartzeko. Ekimenaren helburua da Udalarekin lankidetza estutzea eta gazteentzako mugikortasun programa bateratuak (nerabe, gazte nahiz profesionalentzat) aurkitzea, elkarrekin lan egiteko.

Asier Albizua alkateak eta Argoitz Gómez Gazteria eta Kirolak Saileko zinegotziak eman zieten ongietorria, asteazkenean, Udalean. Hantxe zeuden, halaber, Amagoia Garaizabal Kultur teknikaria eta Igor Uzkudun Gazteria Zerbitzuko arduraduna. Harrera horren bitartez, alkateak eta zinegotziak lankidetzan jarraitzeko eta udalerriko gazteen mugikortasuna sustatzen segitzeko nahia adierazi zuten. Lan-ildo hori 2016tik dago martxan, Akitania Berrian egiten diren auzolandegien bidez.

Beren aldetik, Nadiak eta Gaëlek eskerrak eman zizkioten Udalari, jasotako harrerarengatik, eta etorkizunean ere mugikortasunari buruzko esperientziak trukatzen jarraitzeko nahia adierazi zuten. Urrunago joan behar izanik gabe, uda honetan Arrigorriagak 30 frantziar nerabe eta euren begiraleak astebetez hartzeko aukera aztertzen ari dira, euskal kultura ezagutu dezaten, tokiko gazteekin egon daitezen, kultura-elementuak parteka ditzaten eta abar.