Berriak

 

Datorren igandean, apirilaren 22an, berriro hasiko dira Arrigorriagako ibilbide osasungarriak ezagutzeko irteerak. Udalak, jarduera fisikoa sustatu eta osasunarentzako onuragarriak diren jokabideak sendotu eta bultzatzeko helburuarekin sortu zituen ibilbide horiek.

Zehazki, 9,2 kilometroko “Mendikosolo-San Pedro (Done Peri)” ibilbidea egingo da. Gehienetan bezala, udal-kiroldegian hasiko da 10:00etan eta bertan amaituko da.

Oraingoan, igarobideen artean azpimarra daitezke Mendikosolo parkea, Abrisketako Done Peri baseliza eta Larrasko auzoa. Ibilbideak 190 metro baino gehiagoko desnibela dauka eta, neurrizko erritmoan, bi ordu eta bost minutuan egin daiteke. Guztira, 11.500 urrats inguru emango direla zenbatu da eta, norberaren pisuaren arabera, 400 eta 550 kilokaloria bitartean erreko direla.

Ibilbideak egiteko, Udalak hainbat gomendio ematen ditu: oinetako eta arropa erosoak janztea; maiz hidratatzea; aldez aurretik informazioa jasotzea, trazadura norberaren profilari egokitzen zaion jakiteko; ondo elikatzea; podometro baten edo makila batzuen laguntza erabiltzea, eta ibilbideak ahal dela beste norbaitekin egitea.