Berriak

 

2018ko Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna eta Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, Arrigorriagako Udal Liburutegiak (herrigunekoak) hainbat ekitaldi antolatu ditu apirilean, liburu onak eta irakurketa bultzatzeko, bereziki gazteen artean.

Jarduerak hilaren 9an hasiko dira, liburu erabiliaren azoka tradizionala inauguratuko baita, eta apirilaren 30era arte iraungo du. 12. aldiz egingo da egitasmo hau; irakurleei aukera ematen die irakurriak dituzten liburuak modu erabilgarrian uzteko, eta beste liburu interesgarri batzuk doan eskuratzeko.

Ostiralean, apirilaren 20an, 18:00etan, ipuin-kontalari bat arituko da liburutegian, instrumentuekin eta zuzeneko musikarekin lagunduta. Kontari eta kantari gurasoek lagundutako 2 eta 5 urte bitarteko haurrentzako jarduera bat da. Olga Sánchezek eta Raúl de la Cruzek musika eta haur-literatura elkartzen dituzte sorkuntza-saio batean, ipuinak maitatzen hasteko, musikaren zentzua pizteko eta emozioak lantzeko. Oraingo honetan, “Buruko hura nork egin zion jakin nahi zuen satortxoa” kontatuko eta kantatuko dute, haur-literaturan arrakastarik handiena duen satorrari buruzko ipuina, eta, segur asko, barre gehien eginarazten duena. Parte hartzeko beharrezkoa da lekua gordetzea herriguneko liburutegian apirilaren 10etik eta 13ra bitartean.

Egitaraua osatzeko, Kepa Larrearen euskarazko hitzaldi-solasaldia izango da; EHUko irakaslea da, eta Xabier Mina gerrillari nafarraren biografiaren egilea (“Mina edo libertatea!”). Askatasunaren sinbolo izan zen Xabier Mina, eta orain dela bi mende fusilatu zuten Mexikoren independentziaren alde borrokatzeagatik. Hitzaldia apirilaren 26an izango da, arratsaldeko 19:00etan, Kultur Etxean.