Berriak

 

Arrigorriagako Udaleko Gazteria Sailak udalerriko nerabeentzako programazio zabala eta animatua prestatu du Pazko Asterako. Tailerrak eta jarduerak Gaztegunean hasiko dira 18:00etan eta apirilaren 4tik aurrera egingo dira. Hain zuzen, lehenengo tailerra 3D betaurrekoen eta hologramen tailer interesgarri bat izango da, eta parte-hartzaileek zientzia bisualaren magia eta sekretuak ezagutu ahal izango dituzte. Batetik, 3D-ko irudiak ikusteko betaurrekoak egingo dira, eta irudiak bolumena hartuko du; bestetik, berriz, hologramak egingo dira; hau da, airean flotatzen duten irudiak mugimenduan. Mugikorrerako holograma-bisore bat ere egingo dugu.

Apirilaren 5ean, Gaztechef tailerra egingo da. Parte-hartzaileek txokolatezko pazko-untxiak egiteko aukera izango dute, elementu apaingarri eta koloretsuekin estalita. Autonomia bultzatzeko eta sukaldaritza-trebetasunak hobetzeko modu dibertigarria izango da. Ostiralean, hilaren 6an, ETBn ematen den Hi Selfie telebista-lehiaketan bezala, nerabeek erronkak gainditu beharko dituzte eta proba egin dutela erakutsi selfien bitartez. Jolasak bi fase izango ditu: lehenengoan, parte-hartzaileek, talde txikietan, mugikorretara bidaliko diegun argazki bat ahalik eta ondoen imitatu beharko dute; bigarrenean, ginkana bat egin beharko dute udalerrian zehar, eta bertako eskultura eta eraikin ezagunetan selfiak aterako dituzte.

Larunbatean, hilaren 7an, txapelak apaintzeko txanda izango da. Hainbat teknika eta material erabiliz txapel bat pertsonalizatuko dute, gero harrotasunez janzteko. Azkenik, igandean (hilak 8), futbolin-topaketa egingo da, giro onean ondo pasatzeko. Azpimarratzekoa da, aurreko hilabeteetan bezala, jarduera guztiak doan izango direla eta aurretik izena eman beharko dela (gogoan izan martxoaren 29tik apirilaren 2ra Gaztegunea itxita egongo dela).

Ohar garrantzitsua: puntuak emango dira, eta, ondoren, sariak banatuko zaizkie proposamenetako edozeinetan parte hartzen duten nerabe guztiei.