Berriak

 
Martxoaren 22an, 11:00etan, Arrigorriaga Institutuko ikasleek “Teatro Mohicano” antzezlana ikusi ahal izango dute Lonbo Aretoan, esklusiboki eta doan. Gazteentzako musika-komedia didaktiko horrek obraz gozatzeko eta aldi berean antzerkiaren nondik norakoak ezagutzeko aukera emango die ikasleei.

Felipe Loza polifazetikoak 1991n Basauriko Tarima konpainiarentzat idatzitako testua erabiliz egin da Teatro Mohicano. Ramón Barea du zuzendari, eta hark ondo baino hobeto ezagutzen ditu arte eszenikoaren zirrikitu guztiak; hain zuzen, Antzerkiko Sari Nazionala jaso zuen 2013an, eta arte eszenikoen euskal panoramako erreferente artistiko nagusietako bat da.

Bareak Pabellón Nº 6-ko antzerki-laborategiaren laguntza izango du emanaldi honetarako, eta ilusio handiz hartu du “antzerki-lezio magistral” hau berriro taularatzeko erronka; izan ere, Teatro Mohicano “mezu konplexu bat (antzerkiaren nondik norakoak) erraz transmititzeko modu eszeniko onena da”.

Aurrekontu baxuko antzerki-konpainia bat osatzen duten hiru aktore gaztek,  eguneroko gora behera komikoak alaitasunez eta zirraraz bizi dituzte. Beraien kabuz sortutako proiektua eraikitzearen ametsa indartsuagoa da, errealitateak jartzen dizkien trabak baino. Hiru gazte hauek, aktore izatearen alde kaskarrena bizitzen ari dira, baina lanbide horren miseria artean, adiskidetasunaren indarra, talde-lanaren plazerak eta irudimenaren eraginkortasuna aurkituko dituzte. Beraiekin antzerkiak duen eusteko indarra boteretsua dela ohartuko gara, zeren eta sustraituta baitago giza kulturaren antzinako  tradizioetan; hartarako antzerkiaren historiari eta gidoi bat egiteko oinarrizko teknikei  begiratu bat emango diogu. Gazte hauekin giza korronte kultural baliogarri, dibertigarri eta hurbilaren  partaide sentituko gara, eta ez du irudimena baino besterik behar izango. Haiekin barre egingo dugu, hunkituko gara, antzerkiaz maiteminduko gara.