Berriak

 

Martxoaren 2an amaitu zen Ongi Etorri Errefuxiatuak Arrigorriagak antolatutako lehiaketan kontakizunak aurkezteko epea. Plataformak antolatu duen lehenengo edizio honetan berrogei kontakizun jaso dira: 23, kontakizun laburren modalitatean (gutxienez 20 lerro eta gehienez orrialde bat) eta 17, kontakizun motzen modalitatean (gehienez 5 lerro). Lehiaketaren antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete nahitaezko migrazioaren dramak eragiten dizkien sentimenduak hitzen bidez adierazi dituzten pertsonei, euren eskuzabaltasunagatik.

Epaimahaiak izendatuko du kategoria bakoitzeko (kontakizun laburra eta kontakizun motza) kontakizun irabazlea, eta sari sinbolikoak maiatzaren 11n (ostirala) Arrigorriagan egingo den jaialdian banatuko dira. Sariak banatzeko ez ezik, jaialdiak jolaserako eta aldarrikapenerako eremu izan nahi du. Ekitaldiaren programa amaitu bezain laster jakinaraziko da.

Ongi etorri Errefuxiatuak Arrigorriagak kontakizunak apirilean eta maiatzean kaleratzeko asmoa du. Interneten egongo dira, baina paperean ere aurkitu ahal izango ditugu Arrigorriagako espazio publikoetan eta hainbat lokaletan.