Berriak

 
Aurreko urteetan bezala, Bizkaiko hainbat udalerrik Nahi dudalako! kanpaina abian jarri dute, eta Arrigorriagak ere haiekin bat egin du; DBHko ikasketak euskaraz egin dituzten ikasleek aurrerantzean ikasketak hizkuntza berean egiten jarraitzea da helburu nagusia.

Kanpaina Alkarbidek (Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak) koordinatu du eta 15 eta 16 urteko gazteei eta haien gurasoei zuzenduta dago. Haien esku jarri da www.nahidudalako.eus webgunea; bertan, batxilergoko zein lanbide heziketako ikasketak euskaraz egiteko eskaintzari buruzko informazio zehatza bildu da.

Gainera, unibertsitateko eskaintzen inguruko informazioa aurkituko dute, baita nahi duten karrera egiteko aukeratu beharreko batxilergoari buruzkoa ere. Webgunean, Testigantzak izeneko atala ikusiko dute, eta atal horretan batxilergoko edo lanbide heziketako ikasketak euskaraz egin dituzten gazteen testigantzak agertzen dira, DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleei euskaraz ikasten jarraitzeko gogoa pizteko.

Kanpainaren webgunearen bitartez, gazteek hainbat sari irabazteko aukera izango dute: iPAD Mini bat, ekintza kamera bat (Go Pro) edo kirolerako erloju bat (Polar M400). Parte hartu nahi duten ikasleek kanpainarekin bat egin duten udalerrietako batean erroldatuta egon behar dute, eta udalerriak informazioa banatu duen mailan egon beharko dira.

Arrigorriagako Udaleko Euskara Zerbitzuak 250 gutun inguru bidali dizkie gurasoei, kanpainari buruzko informazioa duten diptikoak banatuko dizkie DBH 3. eta 4. mailetako ikasleei eta, datozen egunotan, kanpainaren informazioa erakusten duten diptikoak jarriko ditu toki estrategikoetan, hala nola Kultur Etxean, Gaztegunean edota Udal Kiroldegian. Bestalde, martxoan, Ane Guria abeslariak hainbat hitzaldi emango ditu institutuan, gazteei www.nahidudalako.eus webgunean aurkitu dezaketenaren berri emateko, betiere, euskaraz ikastearen garrantzia nabarmenduta.