Berriak

 

Arrigorriagako Berdintasunerako Udal Kontseiluak lehen bilera egin zuen martxoaren 1ean, 17:30ean, udaletxean. Hamabost emakumek osatzen dute: MADALEN eta LOTURARIK GABE emakumeen elkarteetako kideak, ZUBIETXE elkartearen koordinatzailea, OSASUN ETXEKO ordezkari bat, partikular gisa bertaratzen diren herriko bost emakume eta BILDU, ARRIGORRIAGA GARA eta PSE alderdietako zinegotziak. Horiez gain, Berdintasuneko zinegotzia aritzen da kontseiluburu gisa (EAJ-PNVkoa), eta Berdintasuneko teknikaria idazkari gisa.

Lehenengo bilera horretan, parte-hartzaileek Kontseiluko kide izateko dituzten arrazoiak aurkeztu zituzten, eta adierazi zuten bakoitzak zer ekarpen egingo dion Kontseiluari eta zer jaso nahi duen bertatik. Oro har, bat etorri ziren ideia batean: emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko bidea geldiezina da, eta uste dute ekarpen garrantzitsuak egin ditzaketela bide horretan.

Kontseiluburuak proposatu zuen, lehen urrats gisa, prestakuntza-saioak egitea desberdinkeriaren oinarriei eta hori desagerrarazteko politika publikoei buruz. Kontseilukideak ados agertu ziren eta egokia iruditu zitzaien prestakuntza hori jasotzea, denek “lengoaia bera” erabiltzeko.

Udalak martxoaren 8ko kanpainaren barnean aurreikusitako jardueren egitaraua jakinarazi ondoren, erabaki zuten Arrigorriagan bertan kontzentrazio baterako deialdia egitea, herriko emakumeentzat errazagoa izan dadin mugimendu feministak egun horretarako deitutako protestan parte hartzea.

Hala, Bilbora joan ezin diren edo nahi ez duten Arrigorriagako emakumeek aukera izango dute 20:00etan Udaletxe plazan egingo den 15 minutuko kontzentrazioan parte hartzeko. Asmoa da bertaratzen direnek arropa ilunak eta entseina more edo lila bat besoko edo xingola erara jarrita eramatea, baita zarata egiteko txilibituak, lapikoak edo bestelako objektuak ere. Kontzentrazioan mugimendu feministak egindako “NOSOTRAS PARAMOS-EMAKUMEOK PLANTO” idatzia irakurriko da.