Berriak

 

Aurten, 2018ko Arrigorriagako inauterien hasieran txikienak izango dira protagonista nagusiak, eta jai handi batekin hasiko dira ostiralean, otsailaren 9an. Gai orokorra ipuinak izango dira. Mota guztietako mozorroak jantzita, eskolatik udal-kiroldegiraino doan kalejira kolorez beteko dute 15:15ean, Urgoiti, Kurtzeta eta Severo Ochoa kaleetatik barrena. Ondoren, dantza-erakustaldia izango da, eta jarraian, 16:30ean, txokolatada hasiko da.

Hurrengo egunean, hau da, larunbatean, otsailak 10, jaiak aurrera jarraituko du, eta aurreko urteetan bezala, Arrigorriagako zenbait taldek (Aritz Berri, Abarrak, Arga Gazte Asanblada, Eskola, Gure Esku dago, Gure Magalean eta On Egin) udalarekin batera laugarren herri inauteriak girotuko dituzte.

Programa 13:00etan hasiko da, plazatik mozorrotuta irtengo den segizio batekin, eta tabernaz taberna ibiliko dira, kantuan, dantzan, bertsotan... Arratsaldean, 17:30ean, Xaibor hurbilduko da diskoteka mugikorrarekin, eta haurrentzako jarduerak antolatuko dira plazan.

Aurtengo edizioko berritasun handienetako bat karrozen desfilea izango da. Lanbotik abiatuko da arratsaldeko 19:00etan, eta plazara iritsiko da Batukale taldearen laguntzarekin. Bertan, Plazodromoa antolatuko da ordu erdi beranduago eta 22:00ak arte, ezusteko eta guzti. Aldez aurretik, 20:00etan, gaztainak banatuko dira, eta gero taldeak herria girotzera animatu nahi dira, norbere kontura.