Berriak

 

Beste behin ere, urtarrilaren 5ean, arratsaldeko 19:00etan, Arrigorriagako 200 herritar batuko dira, eta duela bi milurtekoko jantziak jarriko dituzte Jesusen jaiotza antzezteko. Arrigorriagako Epifaniaren 45. edizioa izango da aurtengoa, eta Jesusen jaiotzaren berri ematen denetik Herodes erregearen eskuetatik alde egiteko Egiptora ihes egiten duen unera arteko antzezpena egingo da.

Herriko Armando Astarloa idazleak 1969. urtean sustatu zuen Epifania, eta Arrigorriagako herritarrek osatzen duten zenbait belaunaldik parte hartu dute bertan. Hala ere, eszenaratzea hainbat aldiz eten behar izan da, 1983. urtean gertatutako uholdeen ondoren, adibidez. Izan ere, horren ostean, apaindurak eta jantziak ezin ziren erabili. Horrez gain, azken urteetan ere eten egin behar izan da, udaletxe berria eraikitzeko egindako obren ondorioz ezin izan baita plaza erabili. Ataku taldeak 1987. urtean jaiotza bizidunari berriro ekin zionetik, Epifaniaren Gabonetako espirituak herritar guztiak nahasi ditu.

Bederatzi ekitaldi izango ditu (zazpi nagusi eta bi txikiago), eta, nola ez, hasieran antzezten zen modu berean eskainiko da ikuskizuna. Pertsonaia hauek egongo dira bertan: abeltzainak, herritarrak, zuzi-eusleak, danbor-joleak, erromatarrak, damak, eskribauak, Herodes… Eta, noski, Jesus, Maria eta Ekialdeko hiru Errege Magoak ere bertan izango dira.

Urtarrilaren 5ean plazan antzezten egongo den jendeaz gain, beste pertsona-talde bat intendentzia guztia antolatzen ibili da zenbait hilabete lehenagotik: jantziak, atrezzoa, argiak, soinua eta ikuskizuna egiteko beharrezkoa den logistika guztia. Herriko hainbat elkartek talde horrekin batera lan egin dute, hala nola Emakumeen Madalen Elkartea (ikuskizunaren aurretik jantzi guztiak garbitu eta lixatu dituzte) eta Aritz Berri dantza Taldea (ikuskizunaren egunean jotak dantzatuko dituzte). Gainera, udalerriko ostalaritza-establezimenduek ere laguntza eskaini dute.

Denborarekin, hobekuntza batzuk gehitu ahal izan dira, eta, esaterako, benetako zuzien ordez gar artifizialak jarri ziren, baita kartoizko etxe berriak egin ere. Iazko ediziotarako erromatarren jantziak berriztatu ziren eta ezkutuak ere lehengoratu ziren.

Udalak 6.500 euroko partidarekin lagundu du, eta gainerako gastuei aurre egiteko organizazioak Erregeen otzara zozkatuko du.

Kartela (PDF 508KB)