Berriak

 

Bizkaiko Foru Aldundiaren Kirol Medikuntzako Unitate Mugikorra urtarrilaren 15ean egongo da Arrigorriagako Udal Kiroldegian. urtarrilaren 19ra arte, ostirala, egongo da bertan, udalerriko herritarrek erabil dezaten.

Esperientzia handia duten mediku kualifikatuek emango dute zerbitzua, eta, besteak beste, gorputzaren alderdi hauek aztertuko dituzte: hezur, artikulazio eta giharren egoera; gorputzeko gantz kantitatea eta pisu ideala; indarra eta malgutasuna; arnas eta zirkulazio aparatuaren eta biriken funtzionamendua, eta gorputzak esfortzua nola jasaten duen. Azterketaren ostean, kirolerako osasun-txostena emango dute, arreta jaso dutenek beren egoera fisikoaren eta osasunaren ikuspegi osoa izan dezaten.

Ekimen horren bidez beren burua prestatu, osasuntsu egon eta ondo pasatzeko ariketa fisikoa egiten dutenen jarduera hobetu nahi da; horretarako, aholkularitza dietetiko eta fisiologikoa ematen zaie, beren helburuak modu seguruagoan eta eraginkorragoan lor ditzaten.

Kiroleko, parte hartzeko edo aisialdiko udal programetan parte hartzen dutenei zuzenduta dago soilik Kirol Medikuntzako Unitate Mugikorra. Arrigorriagaren kasuan, Udal Kiroldegiak eskaintzen dituen kirol-ikastaroetan parte hartzen duten pertsonek aterako diote etekina ekimenari, baldin eta aurretik proba egin ez badute. Izena emateko epea abenduaren 26an hasiko da, eta 26 tokiak betetzen direnean itxiko da.