Berriak

 

Ekainaren 28an, LGTTBI ASKATASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA ospatuko da (lesbiana, gay, transexual, bisexual, transgenero eta intersexualen eguna), LGTB Harrotasunaren Eguna izenarekin ezagunagoa. Munduko leku askotan jarduerak garatzen dira gizarte osoari sexu-askatasunerako eskubidearen eta aukera-berdintasuna errespetatzearen ideiak helarazteko, eta sexu-orientazioagatik pertsonak baztertzea eta diskriminatzea saihesteko.
 
Data hori 1969. urtean egun horretan AEBetan homosexualen eta ordena publikoko indarren arteko lehenengo liskar jendetsua gertatu zelako aukeratu zen. Hala ere, gaur egun LGTTBI kolektiboek mendebaldeko herrialdeetan aurrerapen garrantzitsuak lortu badituzte ere, non lege eta eskubide batzuk parekatu diren, arau heterosexualak aukera bakar, osasuntsu eta normala izaten jarraitzen du, eta gainerako sexu-orientazio eta genero-identitateak baztertzen dira.
 
Arrigorriagako Udala horren jakitun da, eta hori dela eta,  arazoaren inguruko sentsibilizazio-ekimenekin bat egingo du berriz ere, sexu-aniztasuna gizartearen balio gisa aitortzea sustatzeko, jarrera eta jokabide transfobo eta homofoboak identifikatu eta saihesteko eta LGTTBI kolektiboei dauzkagun aholkularitza eta laguntza baliabideak hurbiltzeko.
 
Sexu-orientazioaren aurkako gorroto-delituak ekainaren 21ean jorratuko dira Kultur Etxean, arratsaldeko 18:30ean. Bertan, gay, lesbiana eta transexualei arreta emateko ALDARTE zentroko abokatua den Elena Olaortuaren hitzaldia eskainiko da, eta horiei dagokienez kolektiboak bizi duen egoera azalduko du.
 
Ekainaren 26tik uztailaren 2ra “Lesbianismoa: sekretu izatetik ikusgai izatera” erakusketa eskainiko da udaletxeko Euskaldun Berria erakusketa-gelan. Inaugurazioa hilaren 26an izango da, 18:30etan, eta ALDARTEk bisita gidatu bat eskainiko du egun horretan.

Amaitzeko, ekainaren 28an, Gay Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, zineforuma egingo da Lonbon, 18:00etan. Un amor de verano filma eskainiko da, eta gero lesbianen arteko harreman txeratsuei buruzko solasaldia antolatuko da.
 
Oro har herritarrei zuzendutako jarduerez gain, udalak ikasturtean zehar ere generoa ikuspegi ezberdinetatik lantzen duten sexualitate-tailerrak antolatzen ditu Arrigorriagako ikastetxeetako ikasleekin, eta SEXU- ETA GENERO-ANIZTASUNAK garrantzia handia dauka egitarauan.