Berriak

 

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak (ELZ), Arrigorriagako Udaleko Gizarte Zerbitzuen baitan dagoenak, 88 pertsonari eman zien arreta 2015ean; horietatik 65 emakumeak izan ziren, eta gainerako 23ak, berriz, gizonezkoak. Laguntza jaso zuten pertsonen % 65 herrigunean bizi zen, eta % 35 Abusun.

Hilean batez beste 70 zerbitzu eman ziren. 2015ean 16 zerbitzu berri gehitu ziren: 7 Abusun eta 9 herrigunean, hau da, 2014. urtearekin alderatuta, zerbitzu bat gehiago egon zen (87 zerbitzu 2014. urtean). Horietatik 12 emakumeak izan ziren, eta 6 gizonezkoak. Hala, joera orokorra egiaztatzen da; izan ere, Arrigorriagan zerbitzu hori jasotzen duten gehienak emakumeak dira.

Adin aurreratua izaten da ELZ erabiltzen duten pertsonen ezaugarrietako bat. Izan ere, 80 urtetik gorakoak dira erabiltzaileen % 72; horietatik, % 78 emakumeak dira, eta % 52 gizonak. Gainera, emakumeen % 63 bakarrik bizi da, % 30 banakako bizikidetzan eta % 8 taldekako bizikidetzan. Zentzu horretan, emakumeen gehiengoa bakarrik bizi da (kasuen % 66). Gizonei dagokienez, bakarrik bizi dira kasuen % 52.

Baremo zehatzak aplikatuta ondoriozta daiteke zerbitzua erabiltzen duten pertsonen % 38 bere kabuz moldatzen dela eguneroko jarduerak egiteko; bestalde, mendeko pertsonen artean, gehiengoak mendekotasun arina du (% 33).
Erabiltzaileen % 70ek ez du narriadura kognitiborik agertzen; narriadura kognitiboa pairatzen dutenei dagokienez, narriadura mailarik altuena moderatua da (% 17k pairatzen du).

ELZren erabiltzaileen % 67k mugikortasun urritasuna dauka, baina intentsitate desberdineko egoerak daude. Biztanleen segmentu hori emakumeek osatzen dute. Hain zuzen ere, emakumeen % 82k autonomia urritasunen bat dauka; gizonei dagokienez, aldiz, % 48k.

Ildo horretatik Arrigorriagako ELZ jasotzen duten 88 pertsonetatik 59 erabiltzailek laguntza produktuak baliatzen dituzte (garabiak, ohe artikulatuak, gurpil-aulkiak, eta abar), eta batzuek elementu bat baino gehiago erabiltzen dituzte.

Erabiltzen diren gizarte-baliabideei dagokienez, 42 pertsonek (guztien % 48) erabiltzen dute eguneko zentroa (% 22) edo telealarma (% 26). Azken zerbitzu hori baliatzen duten pertsonei dagokienez, % 83 emakumeak dira eta % 5 gizonak; % 63 bakarrik bizi da eta gainerakoak banakako bizikidetzan, hau da, beste pertsona batekin.

Erabiltzaileen % 76 eta % 79 artean egoera funtzionalari eutsi diote. Autonomiaren hobekuntza tartea % 3 eta % 5 bitartekoa da; eta okerragotze tartea, aldiz, % 18 eta % 26 bitartekoa. Atzerakadarik handiena leku aldatzeetan sumatu da (% 26).

2015ean 28 pertsonek eman zuten baja zerbitzuan, horietatik % 82 emakumeak ziren eta arrazoi ohikoena heriotza izan zen (kasuen % 58). Gainontzeko arrazoiak honakoak izan dira: egoitzetan sartzea, zerbitzuari uko egitea eta etxez aldatzea.

Etxeko laguntza da zabalduena (% 47), laguntza pertsonalaren (% 27) eta laguntza mistoaren aurretik (% 26). Etxeetan egiten diren esku-hartzeen maiztasunari dagokionez, astean bi eguneko eta bost eguneko modalitateek zerbitzuaren % 67 hartzen dute.