Berriak

 

Berdintasuna eta Gizarte Zerbitzuak Udal Sailetatik 2014an egin den azterlana da. Arrigorriagako emakumeen eta gizonen arteko II. Berdintasun Planaren barruan sartzen da, eta EMAKUNDE – Emakumearen euskal erakundeak lagundu du diruz.

Azterlan horretan, Arrigorriagan bizi diren eta talde hauetakoren batean edo batzuetan sartzen diren emakumeak aztertu dira: 65 urtetik aurrerako emakumeak, dibertsitate funtzionalen bat daukaten emakumeak eta atzerriko emakume migratuak.

Metodologia mistoa erabili da, eta emakume-talde ezberdinen iritziak jaso dira inkesten eta elkarrizketa sakonen bitartez. Interesa zuten emakumeei eurei eta dibertsitate funtzionalaren, adinekoen eta immigrazioaren esparruetan lan egiten duten erakunde edo pertsonei egin zaizkie inkesta eta elkarrizketa horiek. Guztira 377 inkesta eta 35 elkarrizketa sakon egin dira.

Azterlanaren emaitzak emakume-taldeen arabera aurkeztu dira, arlo hauek desberdinduta: lortutako ondorio nagusiak, emakume-talde bakoitzarekin kontuan hartu beharreko jarduera-printzipioak eta emakumeen egoera hobetzeko jarduera-proposamen zehatzak.

Lan honen aurkezpen publikoa azaroaren 26an egingo da, 18:00etan, udaleko osoko bilkuren aretoan, emakumeenganako indarkeriaren kontrako 2014ko kanpainaren barruan.

Ostean, azterlanaren emaitzak udaleko lan-arlo guztietara zabalduko dira, 2015eko jardueren programazioan sar ditzaten. Horrez gain, Arrigorriagako elkarte eta herritarrei ere helaraziko zaizkie emaitzak.