Berriak

 

Arrigorriagako Udaleko Gizarte Zerbitzuek Gurasoentzako hezkuntza hobekuntzarako eskola jarriko dute herritarren esku berriz ere; ekimena urrian garatuko da.

Saioak Kultur Etxean egingo dira, laurogeita hamar minutuko iraupena izango dute eta seme-alaben adinaren arabera honako gai hauek jorratuko dira: urtebete eta bi urteko haurrak dituzten gurasoentzat, “Haserrealdiei nola aurre egin" izango dute hizpide, urriaren 8an. Lau eta bost urteko seme-alabak dituztenentzat, berriz, “Beldurrak. Antsietatearen ikaspena” gaia landuko dute, urriaren 15ean. “Gurasoen jokabidearen eragina seme eta alaben garapenean” arloa, berriz, zazpi eta zortzi urteko mutiko eta neskatoen gurasoei eskainiko zaie, bi saiotan, urriaren 21ean eta 22an. Azkenik, beste bi saiotan, urriaren 28an eta 29an hain zuzen ere, "Ikasteko teknikak eta ohiturak" saioak eskainiko dira hamar eta hamaika urte dituzten seme-alaben gurasoentzat.

Izena emateko epea irailaren 26an bukatuko da, eta tailerretan parte hartzeko interesa duten pertsonek Prebentzio Talde Hezitzaile Artekariarekin jarri beharko dute harremanetan. Telefonoz egin dezakete, 944020214 zenbakian, 09:00etatik 14:00etara bitartean deituz, baita hezitzaileak@arrigorriaga.org helbide elektronikora idatziz ere. Izena emateko izen-abizenak, harremanetarako telefono zenbakia eta saioetan parte hartzeko nahiago duten ordutegia jakinarazi beharko dute (10:00-11:30, 15:30-17:00 edo 18:30-20:00).