Berriak

​Idoia Molina, Auzoak eta Hirigintza zinegotziak, eta Maria Jesus Acedok, Ingurumena eta Iraunkortasuna zinegotziak, udal teknikari batekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasun arloko teknikariekin bildu ziren astelehenean. Bi izan ziren jorratu beharreko gai nagusiak, biak Abusu auzoarekin lotutakoak:

Lehenik eta behin, Arrigorriagako Udalak Aldundiaren lurretan dagoen Santa Isabel aparkalekurako diseinatuta duen birgaitze- eta txukuntze-proiektua aurkeztu zuen. Foru arduradunek ez zioten eragozpenik jarri proiektuari, eta proiektua izapidetzen jarraituko da, 2021ean gauzatu ahal izateko.

"Santa Isabel aparkalekuarena auzokideen aldarrikapen historikoa da. Kontua ez da soilik inguru horretan dagoen aparkaleku falta arintzea, baizik eta auzoan bizi diren pertsona gehienek gaur egun degradatuta eta erabilezin duten eremu bat birgaitzea eta auzorako berreskuratzea. Beharrezko jarduketa da, Ehun neurrien gobernu planean jaso genuen, 89. zenbakian "azaldu du Idoia Molina, Auzoak eta Hirigintza arloko zinegotziak.

Bileraren beste gaia Montefuerteko parkea izan zen: iturrien hornidurarekin izan diren arazoak aztertu ziren, eta ur-zerbitzua berrezartzeko konpromisoa hartu zen, parkearen erabiltzaileek berriz ere erabil dezaten.

Era berean, Montefuerteko barbakoen eta mahaien erabileraren inguruan aritu ziren, eta egon daitezkeen aukerak baloratu ziren.