Berriak

Arrigorriagako Udalak zazpi ikastarotan izena emateko aukera eskaini die langabeei udazken honetan. Aurten berebiziko interesa piztu dute ikastaro hauek, eta neguari begira berriak egiteko lanketan ari da enplegu saila.

Argi dago, enpleguari dagokionez, Koronabirusak eragindako krisiaren ondorioetan dagoela erantzunaren zati bat. Langabetuek, une honetan, gehiago izateaz gain, 2020ko martxoaren 14a baino lehen langabezian zeudenak ez bezalako gauzak bilatzen dituzte, eta langabearen profila aldatu egin da.

2008ko krisiaz geroztik, enplegu-arloan batez ere langabeen profilean jarri dugu arreta: kualifikazio txikia, emakumeak eta/edo 45 urtetik gorakoak, eta, oro har, iraupen luzeko langabeak (24 hilabete baino gehiago langabezian).

Koronabirusaren krisiak pertsona langabearen profil desberdina uzten digu: emakume langabeen ehunekoa handitu egin da, eta, bestalde, kualifikaziorik gabeko eta berrogeita bost urtetik gorako pertsonen ehuneko handi hori erabat lausotzen da. Orain langabeak dira, eta gehienak emakumeak, bai, baina jada ez dute hainbesteko garrantzirik adinak, datozen sektoreak, ikasketek, osasun-krisi horrek profila aldatu du, eta langabeen "talde berria" sortu du: aldi baterako ERTEak jasan dituztenak, enpresa txikiak eta negozioak itxi dituztenak, merkataritza-sektorean, ostalaritzan edo zerbitzu-enpresetan aritu direnak. Langabezian daude denak, baina ez dute gauza bera bilatzen: orain, prestakuntza azkarra eta praktikoa bilatzen da, ahalik eta lasterren lanean hasteko helburuz..

Hirugarren sektoretik datorren "talde berri" horrek ez du arazorik sektorez aldatzeko, eta prestakuntza bilatzen dute berehalako lan egonkorra izan dezaketela ikusten duten lau adarretan, ahal den neurrian: hirukoiztu egin da garbiketako langileen eskaria, bai eta mendeko pertsonak eta hirugarren adinekoak (sozio-sanitarioak oro har) zaindu eta laguntzekoa ere, eta, bestalde, logistika, biltegiratzea eta azalera handietara bideratutakoa ere.

“Jakin badakigu udalen eskumenak mugatuak direla alor honetan, baina halan eta guztiz ere, hausnarketa sakona egiten ari gara gure herritarrei krisi hau gainditzen laguntzeko, egoera soziosanitarioari egokitutako prestakuntza eskainiz, kalitatezkoa eta enplegagarritasun azkarreko lan-profil berriei zuzendua, gizarteak "normaltasun berri" horretan eskatzen dituenak” azaldu du Celia Rubio enplegu zinegotziak.

Arrigorriagako langabeen egungo eskaeretan oinarritutako prestakuntza-eskaintza bat behar dugu, unean uneko lan-eskaria kontuan hartuko duena. Horregatik, inguruko enpresek eskatzen dituzten eremuetara bideratu nahi dugu prestakuntza, prestakuntza jasotzen dutenen artean enplegagarritasun-tasa handiagoa lortzeko. Langabeen datuak aztertuta, eta haien kezkak eta proposamenak kontuan hartuta, egoerari egokitutako prestakuntza diseinatuko dugu.