Berriak

Urtero, urriaren bueltan, Euskal Astea ospatu izan du Arrigorriagako Udalak. Aurten, baina, COVID-19a dela eta, eta beste hainbat alorretan gertatu bezala, ezin izango da bere betiko formatuan egin. Gauzak horrela, planteamendu bikoitza jorratu da Euskara sailetik: alde batetik, Euskal Astea egungo egoerari egokitu, eta bestetik, etxealdiak ikasleen euskararen erabileran eragin duen atzera jotzea ikusita, ume eta gazteek euskara erabiltzera motibatzeko saioak indartzea erabaki du Arrigorriagako Udalak.

Euskal Asteari dagokionez, bi egunetan egingo dira ekitaldiak. Urriaren 17an, batetik, Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari txapelketa jokatuko da Lonbon. Egia esan, ilusio berezia egiten digun ekitaldia da, herriko bertsozale elkarteak urte askoan egin duen lana saritzen duelako, eta Bizkaiko bertsolaritzaren etorkizun oparoaren lekuko izango garelako. Bestetik, urriaren 18an, euskal azoka izango dugu, osasun-egoerara egokitzeko beharrezko murrizketa guztiekin, noski. “Ekimen honi eusteko apustua egin dugu. Lehen sektoreari egin nahi diogun ekarpen xumea da” azaldu du Eñaut Barandiaran Euskara zinegotziak. Ez da urriaren 18an egingo den ekitaldi bakarra, egun horretan bertan, 19:00etan, Oihan Vega esatari ezagunak “Euskañolitis” bakarrizketa plazaratuko baitu Lonbo Aretoan. Sarrerak lortzeko erreserba egin beharko da euskarazerbitzua@arrigorriaga.eus helbidean, edo 944 020 200 telefono-zenbakira deituz, 10:00etatik 14:00etara.

Bestalde, Euskara sailetik kezkaz ikusi da konfinatzeak ikasleengan eragin duen kaltea euskararen erabilerari dagokionean. Bai eskolakoekin bai institutukoekin egindako bileretan argi plazaratu diguten gaia izan da, eta hori horrela, motibazio saioak indartuko dira, adin bakoitzari egokituz.

  • DBH1.mailan: Bertsolaritza programa ( 5 talde. Urritik ikasturte amaiera arte)
  • DBH2.mailan: Mihiluze lehiaketa (5 talde. Azaroaren 30etik abenduaren 4ko astera)
  • DBH 3. Mailan: Lagunarteko hizkerarekin jolasean ( 5 talde. Datak: azaroaren 30etik abenduaren 2ra)
  • DBH 4.mailan: Bakarrizketak institutuan (6 talde. Datak: abenduaren 1ean eta 2an)

Euskal azoka (PDF 1,08MB)