Berriak

Arrigorriagako Udalak ludoteka zerbitzua eskaintzen du bi gune hauetan: Lonbo eta Abusu. Bietan astelehenetik ostiralera irekitzen da, 17:30etik 19:30era, egutegia urritik ekainera bitartekoa da, eta datorren urriaren 13an hasiko da.

COVID-19a dela eta, aurtengo eskaintzak aldaketa garrantzitsuak izan ditu, hori guztia kalitatezko zerbitzua emateko helburuarekin, ahal den berme guztiekin eta osasun-araudi berria kontuan hartuta.

Oinarri horiek aintzat harturik, ludoteketan bosna talde txiki antolatu ditugu. Talde horietan antzeko adineko umeek hartuko dute parte, eta ikasturte honetan astean egun batean joango dira, betiere bi begiralek zainduta. Lonboko ludotekan guztira 44 ume daude izena emanda eta Abusun 34. Eskaera guztiak onartu dira, aniztasun funtzionalekoak barne, eta gaur egun taldeak itxita ditugu honezkero.

Ludotekako dinamikak aldaketak izango ditu aurreko urteekin alderatuta; izan ere, espazioak berrantolatu behar izan ditugu, eta planteatzen ziren jolas eta jarduera asko aldatu eta ordezkatu ditugu. Hala ere, udan bezala, hainbat aukera landuko dituzte eta kalean eta inguruetako parkeetan egingo da hainbat jarduera.

Nolanahi ere, proposamen irekia da, eta une bakoitzean sortzen diren beharretara egokituko da. Horretarako etengabeko komunikazioa izango dugu umeen familiekin.

Informazio gehiago jasotzeko, arduradunarekin harremanetan jar zaitezke helbide elektroniko eta telefono-zenbaki hauen bidez: